Sestao Berri sozietate publikoa orain dela hamarkada bat jarri zen abian, hiria biziberritzeko eta zaharberritzeko asmoz, beheko aldea erabat hondatuta zegoen-eta. Udalerri industrialeko alde horretan, auzo ugari daude kokatuta; esate baterako, Urbinaga, Simón Drogas, Rivas, Los Baños edo Txabarri.
Sestao Berriko jarduketa adierazgarrienek honako hauxe izan dute helburu nagusi: infraetxeak desagerraraztea eta, alokairu babestuaren zein birkokapenen kudeaketaren bidez, etxebizitza duinak eskuratzeko aukera ematea. Birkokapenak, hain zuzen ere, sozietate publiko honetako lehenengo jarduketa izan ziren, Ibar Berriko eraikineko bizilagunen birkokapenak, hain zuzen ere. Hasierako ekintza hartatik igarotako hamarkadan, 191 familiaren birkokapena kudeatu du -600 laguneko taldea-, eraitsitako 36 eraikinetan banatutako 365 infraetxetan bizi ziren-eta.
Horrez gain, Sestao Berrik 466 etxebizitza berriren sustapenean ere parte hartu du, eta haietako batzuk eraikitzen ari dira oraindik, udalerriko zenbait aldetan; esate baterako, La Bariega, Txabarri, Orixe edo La Punta.
Txabarri-El Sol zaharberritzea Sestao Berriko beste jarduketa handietakoa izan da. Alde hori hiru fasetan leheneratu da, eta, bertan, zaharberrikuntza partzialak nahiz integralak egin dira, baita berreraikuntzarako jarduketak ere. Hirigintzako sozietateak jabeen 23 erkidego kudeatu eta administratu egiten ditu guztira.
Era berean, Sestao Berri bera ASAP programako (Alokairu Segurua Arrazoizko Prezioan) lehenengo eragile homologatua ere bada Etxebideren eta partikularren arteko bitartekari moduan. Bestetik, Sestao Berrik honako proiektu berritzaile hauetan ere parte hartzen duela nabarmendu beharra dago: Housgai eta Europa arloko Eu-gugle, Papirus, Trime eta NeZer, besteak beste.
Horrez gain, gizartearen eta erkidegoaren partaidetza sustatzeko eta laneratzeko proiektuak ere garatu ditu sozietateak, elkarbizitzaren eta kohesio sozialaren aldeko programen, tailerren, topaketen eta ikastaroen bidez.